Posts Tagged ‘zer ikusi?

16
Ira
11

zentsuratu baino lehen…


Hona hemen, Altsasuko gazteek egindako bideoa. Manos limpias taldeak dagoeneko herriko alkatea salatu omen du, ekintza hau aurrera eramaten uztearren. Animo Altsasuko gazteriari eta bertako alkateari.

12
Uzt
11

asteko gomendioak


The big Lewosky
Ez da pelikula berria baina, ikusi gabe neukan. Merezi du ikustea, umore xelebrea du eta itzelezko musika. Filmaren nondik norakoa, ez zait hainbestekoa iruditu baina, barre dexente egin nuen pelikula ikustean. Aktoreen lana ere nahiko ona da.
Pelikulako zerbait azpimarratu beharko banu, lehen esan bezala, musika izango zen.
Horra gomendioa.

Ah, eta hona hemen, aurrekoan ikusi nuen musika taldearen bideo bat. Aramaion jo zuten beraien lehen kontzertua, anai-arrebak musika taldea. Xelebre xamarra, beste asko bezala.

22
Eka
11

asteko pelikulak


Aste oso bat idatzi barik, lartxo izan da. Baina ez pentsa lo egon naizenik. Asteburuan, hasteko pelikula parea ikusteko aukera izan dut. Eta horretaz gain, blog honetan unibertsitateko lanak igotzeko prestatzen aritu naiz.
Asteburuko filmak honakoak izan dira: Big Fish eta Micmacs.
Lehena, Tim Burton zuzendarian filma da eta ez da berria. Gustatu zitzaidan, negarrez amaitu nuen. Ez da horrenbesterako baina, sentibera nengoen eta horrelaxe harrapatu ninduen pelikulak. Pelikulan gehien gustatu zitzaidana, zuzendariak fikzioa eta umorea nahasteko duen gaitasuna da. Baina bere filmen artean bat aukeratu beharko banu, ez zen hauxe izango. Ona iruditu zait baina, ez horrenbesterako.

Bigarrena berriz, zinean ikusi dut, zain egon bainaiz estreinurako. Eta itxaroteak, oraingoan ere, pena merezi izan du. Pelikula frantsez honen zuzendariak, aurretik Amelie filma ere zuzendu zuen, ikaragarria.
Eta honako film berri hau ere, asko gustatu zait. Armen inguruko negozioei egurra emateko, fikzioa, umorea eta artista-txatarrero kuadrila berezia ditu lagun protagonistak. Mundiala. Baina berriro ikusi behar dudala uste dut, elkarrizketa batzuk hobeto ulertu nahi baititut. Eta nola ez, soinu banda itzela du.
Aukera izanez gero, ikusi beharrekoa.

13
Eka
11

pelikula parea


Hona hemen, asteburuan ikusitako azkenengo filmak.
Lehena, carandiru. Brasileko kartzela bateko istorioa kontatzen du. 3000 presorentzako lekua izanagatik bertan 7000 preso daude eta medikua berriz, bakarra. Kartzelako bizimodua, hiesa, botere indarrak… dira bertan azaltzen direnak. Hori bai, umoreak ere badu lekua kartzelan. Istorio latza izanagatik, merezi duen filma. Garratza, bizitza bera, bezalakoa.

Bigarrena berriz, Little Miss Sunshine. Pelikula yankeea, familia berezi baten bizimoduaren berri ematen diguna. Familia berezia, bizimodu berezia, umore berezia… Azken finean denok gara bereziak, gure berezitasunean eta gure berezitasunekin.

Duda barik, maitagarria.

04
Api
11

udaberriko argazkiak


Hona hemen, asteburuan ateratako argazki parea.

01
Api
11

eszena


Aste honetan denbora gutxi izan dut blogean idazteko. Baina ez pentsa geldi egon naizenik. Euskal Herriko hiriburuetako kultur ekintza batzuetan izan naiz. Hasteko, Bilbon eta ondoren Gasteizen.
Arriagan, Momix taldearen Bothanica izeneko ikuskizuna ikusteko aukera izan nuen. Dantza, balleta, ilusioa eta akrobaziak nahasten dituen ikuskizun zoragarria. Aurretik ikusiak nituen beste behin.
Ez dira asko taldean, bederatzi edo hamar. Baina sekuentzia desberdinetako proiekzio, dantza, adierazpen eta akrobaziekin beste mundu batera jauzi egitera gonbidatzen zaituzte. Ikaragarria. Aukera izanez gero, ikusi, merezi du eta. Hori bai, aukeratu ikuslearen egunak, sarrerak nahiko garestiak baitira.

Printzipal antzokian berriz, Hostoak ikuskizuna. Musika, dantza eta ahotsa uztartzen dituen emanaldia. Bertan Oreka TX, Kukai dantza taldeak eta Amaren alabak taldeak hartzen dute parte. Gustatu zitzaidan emanaldia. Sekulako emaitza izan zen hiruren uztarketa, atzeko pantailako irudi bereziez lagunduta. Hala ere, ez zitzaidan oso gauza berria iruditu, agian aurretik Amaren alabak eta Oreka TX ezagutu eta jarraitu izan ditudalako? Auskalo.
Hala ere, pozik nago. Euskal Herrian ere, gai garelako goi mailako ikuskizunak sortu eta aurkezteko. Ea bertako sorkuntzak, ez duen etenik.

18
Mar
11

persépolis


Marjane Satraniren nobela grafikoa eta filma da. Atzo bertan ikusi nuen filma eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Bertan, Iraneko neska baten bizimodua kontatzen da. Neskatoaren ibilbidean hainbat gora-behera gertatzen dira eta ondorioz, birritan Iranetik irten beharra izaten du. Iraneko egoera politikoa, soziala, emakume eta gizonen arteko harremanak, kultur aniztasuna eta beste hainbat gai jorratzen dira pelikulan. Pelikula, animaziozkoa da eta ia denbora gehienean txuri beltzean. Nik ez dut izan aukerarik gazteleraz ikusteko, soilik frantsezez gaztelerazko azpi-tiuluekin. Eta nahiz eta kontakizuna bizia izan, ez dut arazorik izan haria ez galtzeko.
Oso gomendagarria iruditu zait pelikula, gainera emakume batek sortua da eta horrek badu, bere balio erantsia. Ea gustuko duzuen, zuek ere.

Kuriosoa iruditu zait pelikularen amaiera. Gogoratzen orain dela hilabete pare bat, “Nadie sabe nada de los gatos persas” pelikula gomendatu nizuela? Bi pelikula horien amaiera, berdina edo antzekoa da. Kasualitatea ote? Edota gazte asko hiltzen ote dira modu horretan Iranen? Zalantza batzuk hortxe…

15
Mar
11

asteko gomendioak


Pasa den asteburuan, herriko gazte asanbladak zinema jarri du martxan. Eta hasteko, Babel izeneko pelikula ikusteko aukera izan genuen. Ez ginen jende asko batu baina, bertaratutakook oso gustora ikusi genuen pelikula.
Ona iruditu zitzaidan, ikusi beharrekoa. Hori bai, denbora hartu ia 3 ordu irauten du eta filmak. Eta adi egon, azpitituluak irakurtzeko. Kontakizuna latza eta muntaia itzela. Oso ondo lotzen dira istorio desberdinak, gainera hasieran badirudi ez dutela zer ikusirik elkarren artean. Baina istorioek aurrera egin ahala, beraien arteko loturak nabarmenduz dihoaz amaierarte. Oso ongi eginiko pelikula iruditu zitzaidan.
Horra hor laburpena. Eta ea datorren igandean zer ikusteko aukera dugun. Kontatuko dizuet.

Bestalde musika pixkat ere jarri dizuet. Azkenaldian nahikotxo entzuten ari naizen taldea da calle 13. Hip-hop edota reggeton musika egiten duten arren, nahiko letra onak dituzte. Eta reggetoia gorroto dudan arren, talde honek begiak irekiarazi dizkit. Reggetoi musikan, dena ez delako minigona, gasolina, tu cucu eta antzerakoak… Entzun eta esango didazue.

11
Mar
11

gaurko irudiak


Irudi batek gauza asko adierazi ohi dizkigu. Eta honako hau ere nahiko esanguratsua dela iruditu zait. Gaur egungo komunikabideak gure begiak ez ezik, gure pentsatzeko modua ere estaltzen saiatzen ari baitira. Gogogratu Malcom X-k esan zuena. Horrenbesteko informazioa izatea beharrezkoa al dugu?

Eta asteburua erritmo goxoz hasteko, hona hemen Ordiziako gaztetxeko kideek egindako lip dub-a. Sekulako lana egin dute eta emaitza paregabea lortu dute herritarren laguntzarekin. Ea besteoi lagungarri zaigun gure bidean.

09
Mar
11

asteko pelikulak


Hauexek dira aste honetan gomendatu nahi ditudanak: Cisne negro eta Pa negre. Kasualitate hutsa biek iluntasunarekin daukaten zerikusia.
Lehenengo, Cisne negro ikusi nuen, orain hiru bat aste. Eta egia esan behar badizuet, asko kosta zitzaidan pelikula ulertzea. Momentu batzuetan, protagonista bezala, zoratzeko puntuan izan nintzen neu ere. Agian pelikula ondo egina dagoelako edota ingelesez ikusi eta ez nuelako dena ongi ulertu, auskalo.
Dena dela, filma gomendagarria iruditzen zait, protagonistak bizi dituen sentsazioak nahiko ongi isladatzen dituelako. Horretaz gain, amaren papera ere ikaragarria iruditu zait.
Pelikulak berez, baleteko dantzari batek bizi duen esperientzia gordina kontatzen du. Eta egia esan, arrosa koloreko tutua jantzi arren, neska hauetako askok bizimodu iluna (behartua, sakrifikatua…) dute. Horra hor aukera.

Asteburuan berriz, Pa negre ikusteko aukera izan dut. Nahiko kritika onak izan ditu eta banuen gogoa ikusteko. Gainera ez nahiz damutu.
Filmak, Espainiako gerra zibilaren ondorioak kontatzen dizkigu Andreu izeneko mutiko baten ikuspuntutik. Gogorra, latza da kontakizuna, maiz bizitza bezalakoa. Ongi irudikatzen ditu, gerra osteko gosetea, pobrezia edota etxetik alde egin beharrak. Hala eta guztiz ere, niretzako pelikularen azken sekuentziak izan dira gogorrenak.
Merezi du pelikulak.