Posts Tagged ‘jostailuak

22
Uzt
11

dama bikainak: liburu-jokoa


Liburu joko hau gomendagarria iruditzen zait hainbat arrazoirengatik.
1.- Emakumeei protagonismoa eskaintzearren
2.- Historian zehar emakumearen presentzia eta egindako ekarpena aldarrikatu eta azalaraztearren.
3.- Marrazkiengatik.
4.- Jolas eta liburuaren erabilera anitzengatik: ipuinak kontatu, dametara jolastu, eskulanetarako ereduak hautatzeko…
5.- Hizkuntzarengatik. Liburuan agertzen diren istorioak euskaraz eta gazteleraz baitaude.
6.- Euskal Herrian egina delako.

Aukera izanez gero, merezi duen jolas horietakoa da. Irakurri ahal izan duzuen bezala, arrazoi dezente aurkeztu dizkizuet.
Egileak honako hauek dira: Eneko González eta Txetxu Barea. Zorionak beraie eta nola ez, Ekilikua elkartearii. Segi horrela.
Hona hemen irudi batzuk:

04
Uzt
11

identik eta dixit


Hauexek dira, probatu berri ditudan azkenengo mahai jolasak.
Identik, mahai jolas honetan gidari batek marrazki bat deskribatu beharko du eta gainontzeko jokalariek, esandakoaren arabera marraztu. Marrazten abila izan edo ez, ez da hain garrantzitsua jolas honetan. Garrantzitsuena, deskribapen aproposak egitea eta horien araberako marrazkiak egitea da.
Marrazkiak egin ondoren, baldintza batzuk betetzen ote diren aztertzen da eta horren araberako puntuazioa banatzen da. Jolasaren unerik onena baina amaieran dator, egindako marrazkia, txartelean azaltzen den marrazkiarekin alderatzean. Barre edarrak egin genituen. Ea gustuko duzuen.

Dixit berriz, ez da mahai jolas berria. Orain dela pare bat urte argitaratu zuten eta izugarrizko arrakasta lortu du. Arrakasta eta sariak.
Lehenengo edizioak jendartean lortutako erantzuna ikusirik, bigarren edizio bat kaleratu zuten. Bertan, jolaserako 80 karta berri kaleratu zituzten. Eta hauek, lehenengo edizioko kartak bezain zoragarriak dira.
Hirugarren edizio honek, karta berriak izateaz gain, beste berrikuntza batzuk ere baditu. Hasteko, jokalari edo partaide kopurua handitu dute. Orain 12 jokalarik jolastu dezakete. Eta betiko arauez gain, bi moldaera berri ere gomendatzen ditu. Probatu, moldaera bat probatu dut oraindik eta asko gustatu zait. Beti bezala, Dixit-eko kartei esker, nire gogoek izarrez eta kolorez beteriko munduetan amets egiten dute. Ai, ze plazera!

30
maiatza
11

Jostailuak


Marrakech du izena, probatu dudan azken jostailuak. Bertan, Marrakecheko alfombra saltzaileak bezala, alfombrak ezarri behar dituzu taula erdian. Baina kontuz Assam-ekin. Assam beste jokalarien alfombren gainera eramanez gero, ordaindu egin beharko diezu eta.
Mahai jolas entretenigarria eta polita da, baina nire gusturako laburra. Partidak, 15 minutu inguru iraun lezake. Eta agian, aspaldian, mahai jolas luzeagoetara ohitu naiz. Hala eta guztiz gomendagarria iruditu zai. Jolasak, alfombrak taulan ipintzeko ongi pentsatzea eskatzen duelako. Ea probatzeko aukerarik duzuen.

Bestalde, hona hemen, bideojokoei buruzko artikulo interesgarri bat. Aurrez ere, aipatu izan ditut guraso.com webguneko artikuloak eta gaurkoa ere gomendagarria guztiz. Irakasle, hezitzaile eta baita, gurasoentzat.

04
maiatza
11

bla bla bla


Hauxe da, probatu dudan azken mahai jolasa. Argazkian ikus daitekeen bezala, 8 urtetik gorako edozeinentzako da gomendagarria.
Mahai jolas hau aproposa da ahozko hizkuntza lantzeko, ipuinak sortzeko orduan edota irudi desberdinen arteko erlazioak azaltzeko orduan. Jolas entretenigarria, sortzailea eta dibertigarria.
Hori bai, komenigarria da jolasean hasi baino lehen iraupena zehaztea. Karta asko ditu eta zehaztu ezean, luze joan daiteke partida. Jolasean, helburua ahalik eta karta gehien lortzea den arren, jolasean zehar ahaztu egiten zaizu kartak lortzea. Norberaren irudimenean murgilduta, ametsetan nabigatu baizenezake.
Proba ezazue, ez zaizue damutuko.

18
Urt
11

perudo eta catan


Bi mahai-jolas hauek izan dira, probatu ditudan azkenak. Biak ala biak, gomendagarriak.
Perudo, dado jolasa da. 6 jokalarik jolastu dezakete gehienez eta nahiko jolas azkarra da. Azkarra izan arren, argi ibili behar duzu, kubotxoetan ezkutaturik dauden dadoen zenbakiak asmatzeko. Apustuak egitean datza jokoak. Asmatu ezean baina, dadoak galtzen joango zara.
Entretenigarria.

Catan berriz, ongi osatutako jolasa dela esan dezaket. Hasiera batean konplexua da ulertzea, eta komeni da denboraz jolasaren argibideak irakurtzea. Jolasaren nondik norakoak ulertu ostean baina, behin eta berriz jolasteko gogoa sorrarazi dit.
Jolas honetan, “konkistak” egin behar dira, bideak, herrixkak edota hiriak eraikiz. Horren arabera lortzen dira puntuak eta 10 puntu lortzen dituen jokalariak irabazten du erronda.
Joko honek hainbat, luzapen ditu. Eta luzapen hauei esker, jokoa eta espazioa moldatzen da. Luzapenak ez ditut oraindik probatu baina, desiatzen nago. Jolas oso gomendagarria iruditu zait, inguruan probatu dutenei asko gustatu baitzaie.
Ea animatzen zareten zuek ere jolastera eta zuen iritziak partekatzera. On egin!

26
Abe
10

mixmo eta compatibility


Hauexek dira, eskuratu ditudan azkenengo jostailuak.
Mixmo
Letrekin jolas egiteko aproposa den mahai jolasa. Hitzekin gurutzegramak osatu beharra dago eta ahal bada, besteak baino azkarrago. Buruari eragiteko jostailu aproposa. Bere alde txarra ere badu, euskaldunak izanik, jostailua gazteleraz dago eta hitzak gazteleraz osatu beharra dago. Hala ere, bilatu diogu aldaera, kartulinarekin eta plastifikatutako euskal alfabetoko hizkiak gehitu, gaztelerakoak kendu eta listo. Euskarazko hitzekin gurutzegramak osatzeko jostailu bikaina egin genezake.

Compatibility
Binaka edo bakarka jolastu daiteke, mahai jolas honetan. Helburua, partida bakoitzean erreferentziazko pertsonarekin bat etortzea, ahalik eta puntu gehien lortu eta taula gaineko ibilbidean lehena iristea helmugara.
Jokaldi bakoitzean, erreferentziazko pertsonak gai bat aukeratuko du, karta batzuen bitartez eta zenbaki kopuru bat esan beharko du, 1 eta 6 artean. Ondoren, gainontzeko jokalariek, beraien karta sortatik (jokalari guztien karta sortak berdinak dira) gai horrekin bat datozen, esandako karta kopurua aukeratu beharko dituzte. Ondoren, ikusiko da ea bat datozen gure kartak eta erreferentziazko jokalariarenak. Hala bada, compatibility ona izango dugu eta taula gainean aurrera egingo dugu.

14
Eka
10

bikain


Edo Genial, gazteleraz. Nahi duzun bezala esan zenezake, jostailu honen izena. Baina, probatzeko gonbita luzatzen dizut. Mahai jolas lasaia bezain,, dibertigarria. Burua lantzeko primerakoa. Gainera, jostailuak, jolasteko aldaera desberdinak eskaintzen ditu. Beraz, modu batera jolasteaz aspertuz gero, beste modu batera jolas zenezake.
Aurrekoan, lagunartean probatu nuen eta ia guztioi gustatu zitzaigun. Hasieran, kosta egin daiteke jolasa ulertzea baina, segituan harrapatzen da jolasaren haria. Fitxak taula gainean kokatuz, koloreetan puntu gehien ateratzen saiatu beharra besterik ez duzu.
Beraz, badakizu asteburuko planik ez baduzu edota iluntze euritsu batean zer eginik ez baduzu, probatu Bikain.

09
maiatza
10

ubongo


Hauxe da, aste honetan probatu dudan mahai jolas berria. Ubongo. Jolas hau, oso konpletoa iruditu zait. Hasteko puzle bat osatu beharra daukazu eta ondoren harri bitxiak aukeratu. Eta hori guztia, denbora amaitu aurretik. Baina kontuz, puzleak errezak diruditen arren, badute bere zailtasuna. Eta noski, argi ibili aukeratzen dituzun harri bitxiekin. Kolore bereko, harri bitxi gehien lortzen saiatu beharko baituzu.
Hala ere jolasak badu hobetu beharreko zerbait, jokalari kopurua. Lauk jokalarik bakarrik jolas dezakete. Beraz, alde horretatik mugatuta gaude. Gainontzekoan, itzela. Baina ez pentsa, bideoan azaltzen dena baino askoz ere biziagoa da.

05
maiatza
10

mahai jolas berriak


Ez dira berriak, baina nik orain gutxi ezagutu nituen. Horra hor, nire iritzia.
Matamoscas
Jolas dinamikoa, azkartasuna eskatzen du. Karta jokoa da, eta adin guztientzako gomendagarria. Helduok, primeran pasa genezake jolas honekin. Kartak, banan bana mahai gainean ipini eta ea nor den bizkorrena euliak harrapatzen.
Jolas honetarako baina, ezinbestekoa da jokalari guztiek jolasteko leku egokian egotea. Osterantzean, zaila izango zaio euliak harrapatzea.

Ritmo y bola
Jolas dibertigarria, momentu barregarriak eskaintzen dituen horietakoa. Keinuak egin, eskuak koordinatu, gainontzekoen keinuena gogoratu…Eta guzti honi, erritmo pixkat gehituz gero, a ze zalaparta.
Baina bada joku honetan atsegin ez dudan zerbait. Irudiak, kartetako marrazkiak. Estereotipo konkretuak azaltzen dira eta hori ez dut gogoko. Nahiago dut, ohiko jendearen itxura duten marrazkiak azaltzea. Edota zerbait iradokitzen dutenak. Eta ez hain nabarmenak eta markatuak. Hala ere, ezin dut ukatu primeran pasatu nuela jolasean. Probatu eta esango didazu.

12
Urt
10

beste jostailu batzuk


Nahiz eta asteburu honetan jolasteko denbora dezente izan, ez dut horrenbeste jolastu. Hala eta guztiz ere, hemen gomendatzen dizkizuet honako bi jostailu hauek.

Mendian gora, ibaian behera…

Monopoli itxurako jostailua da, mahai jolasa hobeto esanda. Uste dut orain bi urte kaleratu zela jostailua, 2008an. Jolasaren helburua, ahalik eta baso, mendi eta erreka gehien lortzea da. Euskal Herriaren konkista, alegia. Kar, kar, kar… Badu bere alde pedagogikoa; Euskal Herriko geografia ezagutzea, adibidez.

Jolasean baina, monopolian ez bezala, diruaren ordez, zuhaitzekin egiten da trukea edo salerosketa.

Lagunartean arratsaldea igarotzeko jolas aproposa da. Pena, soilik lauk jokalarik jolastu dezketela. Hala ere, aukera dago taldeka jolastea, baina pixka bat aspergarria agian?

Aholkua: Luze jo dezake partidak eta kontuz aldamenekoarekin, agian ez da zuk uste bezain laguna.

Egilea: Zorion Zamakola

Atasco edo Rush hour

Bakarrik jolasteko jostailua, 8 urtetik gorakoentzat. Gomendagarria oso!

Logika lantzeko aproposa da, helduontzako bereziki. Dibertigarria eta entretenigarria, jolasak “engantxatu” egiten du. Etxean ia denok probatu dugu eta denoi gustatu zaigu, imaginatu amak ere jolastu du.

Horixe beraz, denborapasarako beste bi jostailu gomendagarri hemen.